• eu
  • es
  • en

Oinarriak 2017

BIDEO-JOKO INDEPENDENTEEN NAZIOARTEKO VIII. AzPlay LEHIAKETA

Oinarriak

AzPlayk berariaz aurkeztu eta sustatu nahi ditu originaltasuna, sormena, berrikuntza eta Azkuna Zentroarekin lotura duten balioak balio bereizgarritzat dituzten bideo-joko independenteen ekoizpenak.

AzPlayk nazioarte-mailako zortzigarren deialdi hau egin du, eta honako oinarri hauek finkatu ditu:

  1. Helburua

AzPlayren helburua da bideo-jokoaren izaera ludikoaren eta hezigarriaren atzean dauden lagunen sormena aitortzea eta saritzea.

  1. Izangaiak

AzPlay bideo-jokoen nazioarteko deialdian parte hartu ahal izango dute deialdi honen helburuetara egokitzen diren lanak dituztela uste duten lagunek, taldeek edo enpresa garatzaileek.

Izangaiek eskura izan beharko dituzte legez bideo-jokoarekin lotutako edo hartan inplikatutako eskubide guztiak, lizentzien erabilera, ustiatze-eskubide, jabego intelektual eta abarrak barne. Deialdi honetan parte hartzeak berekin dakar hautatutako bideo-jokoak hedatzeko eskubideak denboran mugarik gabe uztea, Azkuna Zentroak jakinarazpenak edo ekintzak egiten dituen euskarrietan edo formatuetan.

Hautagaiek ezin izango dute aurkeztu deialdiaren aurreko edizioetan hautatutako lanik.

  1. Bideo-jokoak

Saria jaso ahal izango dute 2016ko urriaren 1aren ondoren egindako edo argitaratutako bideo-jokoek, baldin eta honako baldintza hauek betetzen badituzte:

3.1 Jolas egiten uzten duen programa izatea. Ez da onartuko programa erabiltzen uzten ez duten bideo, trailer, preview edo demo bertsiorik.

3.2 Gaia eta generoa edozein izan daiteke. Ez da onartuko indarkeria edo edozein eratako bazterkeria bultzatzen duten edota giza talderen batentzat iraingarriak izan daitezkeen edukiak dituen jokorik.

3.3 Formatuak. Bideo-jokoa honako plataforma hauetako edozeinetan garatu eta aurkeztu ahal izango da:

3.3.1. Ordenagailu pertsonalak.

3.3.2. Kontsolak.

3.3.3. Gailu mugikorrak.

3.4 Bideo-joko independentea izatea, WikiPediaren definizioa erreferentziatzat hartuta http://es.wikipedia.org/wiki/Videojuego_independiente. Edonola ere, antolakuntzak erabakiko du azkenean proposatutako bideo-joko bat onartuko den ala ez.

  1. Entregatzeko modua, material gehigarria eta epea

Bideo-jokoen inskripzioa orri honetan prestatutako inprimakiaren bidez egin beharko da: https://goo.gl/iBaUuo

Onartzeko epearen azken eguna 2017ko irailaren 14a izango da, hain zuzen, 23:59 GMT+2 ordua. Hortaz, adierazitako data horren ondoren jasotako lanak ez dira onartuko.

2017ko urriaren 10en emango da argitara hautatutako bideo-joko finalisten zerrenda.

Deialdi honen izaera nazioartekoa denez, euskaraz, gaztelaniaz edo ingelesez garatzen ez diren bideo-jokoek material gehigarri guztia ingelesez erantsi beharko dute.

Antolakuntzak laguntza ekonomikoa emango du finalisten lekualdatze- eta ostatu-gastuetarako.

  1. Sariak

AzPlayk kategoria hauek finkatu ditu saria jaso dezaketenen artean:

2017ko sariak:

  • Ideia originalik onenaren saria, 5.000 €
  • Arte bisualik onenaren saria, 5.000 €
  • Soinu-musikarik onenaren saria, 5.000 €
  • Jolas-aukerarik onenaren saria, 5.000 €.
  • Euskal bideo-jokorik onenaren saria, 5.000 €.

Hautatutako bideo-joko bakoitzaren ordezkari bat bertaratu beharko da gutxienez bideo-joko finalistak aurkezteko Sail Ofiziala izeneko jardunaldietara eta azaroaren bukaeran sariak emateko egingo den ekitaldira.

Gainera, bideo-joko finalisten artean, bi hautatuko dira 2018ko Nordic Game Discovery Contest-en parte hartzeko, Nordic Game Conference-rekin elkarlanean.

  1. Hautaketa

Saria eskura dezaketen bideo-jokoak hautatzeko garaian, Azkuna Zentroak, beste ezer baino lehen, sormen-izaeraren bidez balio positiboak helarazten dituztenak eta mota guztietako erasoen eta bazterkeriaren aurkakoak direnak izango ditu aintzat.

Irabazleak hautatzeko eta erabakitzeko prozesua ondoren zehaztuta dagoena izango da.

Epaimahaiak aurkeztutako bideo-joko guztien lehenengo balorazioa egingo du, parte-hartzaileek izena emateko inprimakian eskainitako ikus-entzunezko materialean (irudiak, bideoa edo weba) bakarrik oinarrituta. Balorazio horretatik abiatuta, 25 bideo-joko finalista inguruko multzoa zehaztuko da, eta horiek Sail Ofizialean aurkeztu beharko dira saria jaso ahal izateko. Horrez gain, bideo-joko finalistak Azkuna Zentroan erakutsiko dira, bertaratzen direnek probatu ahal izan ditzaten.

Finalistak hautatu ondoren, epaimahaiak berriz ere bideo-joko finalisten balorazioa egingo du. Balorazio hori egiteko, aintzat hartuko dira joko bakoitzaren erabilera, Sail Ofizialeko aurkezpenak eta epaimahaikoen artean sortutako eztabaidak. Azkenean, epaimahaiak kategoria guztietan sariak irabazi dituztenen zerrenda erabakiko du.

  1. Epaimahaia

Jaialdiko zuzendaritzak izendatuko du AzPlayko epaimahaia, eta bideo-jokoen arloan merezitako aitortza duten profesionalek osatuko dute: sortzaileak, banatzaileak, editoreak eta jokalariak; eta, egokia dela erabakitzen baldin badute, eman beharreko sarietako bat eman gabe uzteko aukera izango dute.

  1. Baldintzak

Deialdi honetan izena emandako lan guztiak, hautatutakoak zein hautatu gabeak, AzPlayko dokumentu-artxiboaren zati bihurtuko dira, eta antolakuntzak ezingo ditu haiek dirua irabazteko erabili.

Bideo-joko finalistak beste zentro batzuetan jarri ahal izango dira ikusgai, Bideo-joko Independenteen Nazioarteko Azplay Jaialdiak sustatutako erakusketetan edo ekitaldietan. Antolakuntzak behar adineko denboraz jakinaraziko die finalistei erakusketa ibiltari horren kokapena era data. Bideo-joko finalisten garatzaileak erakusketara gonbidatu ahal izango dituzte, haien obra azaltzeko.

AzPlayn izena emateko inprimakia bidaltzeak eta parte hartzeak berekin dakar oinarri hauek onartu izana. Oinarri hauek interpretatzeko eskumena jaialdiko antolakuntzak eta epaimahaiak izango dute bakarrik.

Zalantzak edo bestelako kontuak argitzeko, jo jaialdiaren web-orrira (www.azplaybilbao.com) edo posta helbidera (azplay@azkunazentroa.eus).